2014(e)ko abendua 27, larunbata

BerdinGen

Hona hemen nire txanda! Izan ere aproposa iruditu zait nik sortutako material bat erakusgai jartzea, hausnarketarako balio duela uste dudalako, berriz ere edozein alorretan; Hezkuntzara bideratzea garrantzitsua irudituko litzaidake, baina familia giroan, erakundeetan, udaletxeetan...lantzeko bezalako  edukia delakoan nago. 
Pista gehiagorik eman gabe, nire lagunek eta nik egindako bideoa txertatuko dizuet, urtero antolatzen den lehiaketa batera aurten aurkeztua, Beldur barik lehiaketara hain zuzen. Beldur barik programa indarkeria sexista prebenitzeko gazteei zuzendutako programa da eta bere helburua da , gazteekin batera hausnarketa eta eztabaida prozesuak sustatzea jendarte eraldaketan laguntzeko. Instituto askotan martxan darrai programa honek  hainbat urtetik gaur egunerarte. Beldur barik programa  esan genezake "Nahiko" programaren jarraipena dela, azken hau eskoletan lantzen baita. 
Beste barik azalpen txiki honen ondoren, gure egunerokotasunean azaltzen den gai bat da bideoan ikusiko duguna, inkesten gaia hain zuzen. 
Ikusi, barneratu eta hausnartu. Dudarik izatekotan idatzi iruzkin bat, gustora erantzungo dut!

2014(e)ko abendua 19, ostirala

Azkenengo fasea...

IRAKASGAIAREN HAUSNARKETA 
“El futuro de la educación estará profundamente signado por la tecnologia de la información venidera. Pero más aún, por cómo los educadores y estudiantes utilizan las TIC para el aprendizaje continuo” (Stanley Williams – Future of Education: Technology + Teachers).

Egia esan, lehen hezkuntza graduan, ezin zitekeen imajinatu orain dela hainbat urte irakasgai hau egongo zelarik etorkizun hurbil baten, lehen ez baitzen ezinbestestekoa teknologia irakaskuntza arloan. Orain ordea, hemen gaude, lehen hezkuntza egiten eta IKT izeneko irakasgai batekin, egun daukagun  gizartearen beharrizanei erantzunez sortutako irakasgaia, beharrezkoa baita hezkuntza arloan, ikasleak hainbat konpetentzia ikasten garatzeko. 
Esan beharra dago, irakasgai honek hainbat helburu garatzen lagundu dizkidala, eta honetaz  aparte, IKTak nire eguneroko bizitzan duten garrantziaz ohartzen lagundu didala, orain arte ez baitnaiz hain kontziente izan gai honi buruzko hausnarketa bat egiteko, eta merezi du.
Kurtso honi dagokionez, IKT irakasgaian, hasiera baten galduta ikusten nuen nire burua, irakasgaiak berak helburuak zeintzuk ziren markatzen ez zizkidalarik, dudaz beteta. Gero, baina, egunak igaro ahala, irakaslearen eta beste kideen laguntzarekin, irakasgaiaren nondik norakoak harrapatzen joan naiz apurka-apurka, eskatutako zereginak ahalik eta ondoen bete. NI behintzat, nire buruarekin gustora gelditu naiz, espero nuena baino gehiago eskeini baitiot irakasgaiari eta espero nuena baino gehiago eman didalako irakasgaiak berak. Horrela ba, azken balorazio positiboarekin emango diot amaiera saio teoriko honen azken sarrerari. 



2014(e)ko abendua 17, asteazkena

Berdintasunez sentitu.

Oraingoan beste jardueratxo bat prestatu dut, material didaktiko baten laguntzaz. Eta musikaren laguntzaz berdintasunez sentitzen dela ere ikasiko dugu, bai guk eta baita ikasleek ere. Abesti bat da jarduera honen enborra, eta doinu kantagarri batekin letra barneratu ondoren, konturatuko gara esaten duenaz.  

Ariketa edo jarduera honen helburua hurrengoa da: Beste pertsona batzuen jarduerek neskengan eta mutilengan sorrarazten dituzten sentimenduak esperimentatu eta identifikatzea, horrela ikasiko baitute sentimendu horiek positiboki kudeatzen, horiek sorrarazten dituzten jarduerak eta harremanak aurreikusten, autoestimua indartzen eta beste neska-mutil batzuengan sor dezaketen ondoezaren edo ongizatearen jakitun eta arduradun izaten.
Abestia entzuteko hemen: http://www.emakunde.euskadi.net/contenidos/informacion/nahiko_materialak/eu_unidades/adjuntos/cancion/1-2.2UD.cancion.E.zip 



2014(e)ko abendua 14, igandea

MUNDUARI BEGIRA...

Lehengo egunean artikulu bat irakurtzen ari nintzela Giza Eskubide Unibertsaletaz zerbait zioela ohartu nintzen. Horrelako hitz potolo bat ordea, ezin daiteke edozein eratara aipatu. Beraz, horren inguruan informazio gehiago topatzeari eta zertxobait gehiago jakiteari ekin nion. Horrela ba, Nazio Batuek aldarrikaturiko Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren lehen hiru artikuloen laburpena duzue hurrengo testutxoa. 

Gizon eta emakume guztiak aske dira jaiotzez eta berdinak duintasunez eta eskubidez.
 Pertsona orok ditu aitorpen honetan aldarrikatzen diren askatasun eta eskubide guztiak, inongo sexuzko, arrazazko… bereizkuntzarik gabe.

Gizabanako orok badu bizitzarako, askatasunerako eta bere buruaren segurtasunerako eskubidea.

Interesgarria iruditzen zait hau partekatzea, gaur egun bizi garen gizarte honetan hainbatetan ahaztu egiten zaizkigulako  "eskubidea", "askatasuna", "duintasuna" eta "berdintasuna" bezalako hitz potoloak. Eta haratago joanda, ez dakit ahaztu egiten zaizkigun edo nahita ahaztuarazten ditugun. Ziur daukadana da hezkuntzaren bidez badaukagula egiteko asko gai honen inguruan, eta horretan dihardugula, pauso txikien bitartez bada ere. 
 "Bidairik luzeena ere beti pauso batez hasten da" - Urtz

2014(e)ko abendua 11, osteguna

2014/12/11

Gaurkoan, dokumentatzaileen txanda zelarik, nahiko lasai hartu dut klaseko ordua, eta aurkezpenetaz gozatzeko aukera ere izan dut, nahiko dinamikoa izan delarik euren blogak azaltzeko prozesua. 
Honekin batera, Ikaskuntza Gurpilak proiektua bukatu da. 
Gustatu zait beraiek lauhilekoan zehar egin duten lana, oso lan sakona eta interesgarria egin dutela iruditu zait; sites bat eraiki, bertan informazioa antolatu, talde bakoitzak bere esentzia edo bere kutsua eman diolarik, bai siteseko diseinuan baita aurkezpena egiterakoan ere. Dokumentatzaileen lana, bakoitzak bere taldea behatzea izan da prozesu guztian zehar, eta ondoren euren ondorioak eta hausnarketak azaltzeko tartea izan dute. Proposatutako erronka eurentzat gogorra izan delakoan nago, baina zinez gainditu dute, baita ondo gainditu ere!


Klasea bukatzeko, irakasleak hurrengo asteko sarrerak nolakoa izan behar duen azaldu digu, bloga ixteko sarrera izan daiteke, beraz sarrera-amaiera. Bertan, uste dut bakoitzak bere prozesua azaldu beharko duela, IKTn izan dituen zailtasunak komentatuz. Beraz, hurrengo astera arte!

2014(e)ko abendua 10, asteazkena

Berdintasunez jolasten

Era desberdinetako ariketak proposatu ditut jada, denak ere interesgarriak. Oraingo honetan, asko eta sakon bilatu ondoren, topatu dut benetako ariketa bat, lehen hezkuntzara eraman daitekeena. Adibidez, bigarren ziklora bideratuko dugu, eta tutorearen laguntzarekin lortuko dugu patxadaz eta berdintasunez jolastea! Denok ezagutzen dugun mahai jolasa, "oka" izenekoa, baina berdintasunaren inguruko edukiekin planteatuta. Hona hemen jolasa:

Jolasaren izena: "Berdintasunaren  oka  jolasa"
Ikus irudia:


2014(e)ko abendua 2, asteartea

Berdintasunez bizitzen

Proposamenak proposamen... eta gaurkoan beste batekin natorkizue!
Klasean, etxean, kuadrillan... edozein arlotan lantzeko balio duen ariketa bat da, etorkizun baterako baliogarria agian. Hona hemen, probatu!

Ariketaren izena: "Nire bikoteari maitasun kanta" 


Egunen batean bikotea baduzu eta bikotearekin bizitzea erabakitzen baduzu, eguneroko bizimodua elkarrekin eginez, nola adieraziko diozu zure maitasuna? Zein izango da egingo diozun  elkarbizitza proposamena? Zer bizitza proiektu amankomuna eraikiko duzu berarekin?
Adierazi ezazu hori guztia kantu bat eginez. Har ezazu zure gustuko kantu baten musika eta idatzi egiozu hau guztiarekin letra berria zure hitzekin. Idatz ezazu, soinu ezagun bat erabiliz, zure bikoteari eskainiko diozun maitasun kanta.