praktika etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
praktika etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2014(e)ko abenduaren 27(a), larunbata

BerdinGen

Hona hemen nire txanda! Izan ere aproposa iruditu zait nik sortutako material bat erakusgai jartzea, hausnarketarako balio duela uste dudalako, berriz ere edozein alorretan; Hezkuntzara bideratzea garrantzitsua irudituko litzaidake, baina familia giroan, erakundeetan, udaletxeetan...lantzeko bezalako  edukia delakoan nago. 
Pista gehiagorik eman gabe, nire lagunek eta nik egindako bideoa txertatuko dizuet, urtero antolatzen den lehiaketa batera aurten aurkeztua, Beldur barik lehiaketara hain zuzen. Beldur barik programa indarkeria sexista prebenitzeko gazteei zuzendutako programa da eta bere helburua da , gazteekin batera hausnarketa eta eztabaida prozesuak sustatzea jendarte eraldaketan laguntzeko. Instituto askotan martxan darrai programa honek  hainbat urtetik gaur egunerarte. Beldur barik programa  esan genezake "Nahiko" programaren jarraipena dela, azken hau eskoletan lantzen baita. 
Beste barik azalpen txiki honen ondoren, gure egunerokotasunean azaltzen den gai bat da bideoan ikusiko duguna, inkesten gaia hain zuzen. 
Ikusi, barneratu eta hausnartu. Dudarik izatekotan idatzi iruzkin bat, gustora erantzungo dut!

2014(e)ko abenduaren 17(a), asteazkena

Berdintasunez sentitu.

Oraingoan beste jardueratxo bat prestatu dut, material didaktiko baten laguntzaz. Eta musikaren laguntzaz berdintasunez sentitzen dela ere ikasiko dugu, bai guk eta baita ikasleek ere. Abesti bat da jarduera honen enborra, eta doinu kantagarri batekin letra barneratu ondoren, konturatuko gara esaten duenaz.  

Ariketa edo jarduera honen helburua hurrengoa da: Beste pertsona batzuen jarduerek neskengan eta mutilengan sorrarazten dituzten sentimenduak esperimentatu eta identifikatzea, horrela ikasiko baitute sentimendu horiek positiboki kudeatzen, horiek sorrarazten dituzten jarduerak eta harremanak aurreikusten, autoestimua indartzen eta beste neska-mutil batzuengan sor dezaketen ondoezaren edo ongizatearen jakitun eta arduradun izaten.
Abestia entzuteko hemen: http://www.emakunde.euskadi.net/contenidos/informacion/nahiko_materialak/eu_unidades/adjuntos/cancion/1-2.2UD.cancion.E.zip 



2014(e)ko abenduaren 14(a), igandea

MUNDUARI BEGIRA...

Lehengo egunean artikulu bat irakurtzen ari nintzela Giza Eskubide Unibertsaletaz zerbait zioela ohartu nintzen. Horrelako hitz potolo bat ordea, ezin daiteke edozein eratara aipatu. Beraz, horren inguruan informazio gehiago topatzeari eta zertxobait gehiago jakiteari ekin nion. Horrela ba, Nazio Batuek aldarrikaturiko Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren lehen hiru artikuloen laburpena duzue hurrengo testutxoa. 

Gizon eta emakume guztiak aske dira jaiotzez eta berdinak duintasunez eta eskubidez.
 Pertsona orok ditu aitorpen honetan aldarrikatzen diren askatasun eta eskubide guztiak, inongo sexuzko, arrazazko… bereizkuntzarik gabe.

Gizabanako orok badu bizitzarako, askatasunerako eta bere buruaren segurtasunerako eskubidea.

Interesgarria iruditzen zait hau partekatzea, gaur egun bizi garen gizarte honetan hainbatetan ahaztu egiten zaizkigulako  "eskubidea", "askatasuna", "duintasuna" eta "berdintasuna" bezalako hitz potoloak. Eta haratago joanda, ez dakit ahaztu egiten zaizkigun edo nahita ahaztuarazten ditugun. Ziur daukadana da hezkuntzaren bidez badaukagula egiteko asko gai honen inguruan, eta horretan dihardugula, pauso txikien bitartez bada ere. 
 "Bidairik luzeena ere beti pauso batez hasten da" - Urtz

2014(e)ko abenduaren 10(a), asteazkena

Berdintasunez jolasten

Era desberdinetako ariketak proposatu ditut jada, denak ere interesgarriak. Oraingo honetan, asko eta sakon bilatu ondoren, topatu dut benetako ariketa bat, lehen hezkuntzara eraman daitekeena. Adibidez, bigarren ziklora bideratuko dugu, eta tutorearen laguntzarekin lortuko dugu patxadaz eta berdintasunez jolastea! Denok ezagutzen dugun mahai jolasa, "oka" izenekoa, baina berdintasunaren inguruko edukiekin planteatuta. Hona hemen jolasa:

Jolasaren izena: "Berdintasunaren  oka  jolasa"
Ikus irudia:


2014(e)ko abenduaren 2(a), asteartea

Berdintasunez bizitzen

Proposamenak proposamen... eta gaurkoan beste batekin natorkizue!
Klasean, etxean, kuadrillan... edozein arlotan lantzeko balio duen ariketa bat da, etorkizun baterako baliogarria agian. Hona hemen, probatu!

Ariketaren izena: "Nire bikoteari maitasun kanta" 


Egunen batean bikotea baduzu eta bikotearekin bizitzea erabakitzen baduzu, eguneroko bizimodua elkarrekin eginez, nola adieraziko diozu zure maitasuna? Zein izango da egingo diozun  elkarbizitza proposamena? Zer bizitza proiektu amankomuna eraikiko duzu berarekin?
Adierazi ezazu hori guztia kantu bat eginez. Har ezazu zure gustuko kantu baten musika eta idatzi egiozu hau guztiarekin letra berria zure hitzekin. Idatz ezazu, soinu ezagun bat erabiliz, zure bikoteari eskainiko diozun maitasun kanta.

2014(e)ko azaroaren 26(a), asteazkena

Boto morea

Pasatu da azaroaren 25a. Igaro da jada emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna. Berriz ere egunak argitu du eta hainbeste emakume mundu osoan zehar oraindik zapalduta egongo gara, bortxatu egingo gaituzte, eskubideen urraketak pairatu beharko ditugu, kolpeak jasaten jarraituko dugu (bai eskuz eta bai hitzez)... Nor oroituko da bihar guzti honetaz? Nork salatuko du sare sozialetan? Zein komunikabidetan agertuko da zapalkuntza honen testigantza?
 

2014(e)ko azaroaren 14(a), ostirala

HAZI ETA IKASI, IKASI ETA HAZI

Lehen hezkuntzako lehen ziklora abiatuko gara momentu batez, eta bertan aurki dezakegun ikuspegitik irakurriko dugu ondorengoa. 
Berdintasunaren gaia lantzen duen ipuin batekin nator gaur, eta honek  neska eta mutil baten abentura kontatzen du, euren ezaugarri fisikoengatik Luze eta Txiki izenekoak. Protagonista biak gaurko gure ikasleen adineko (LH 1. eta 2. mailak) ikaskide talde baten partaide dira, horrela ba, eurei hurbilago egingo zaie testuingurua ulertzerako orduan.

LABURPENTXOA:
Ipuina Berdinland izeneko herrialde batean gertatzen da, gizon eta emakumeen berdintasunaren ikuspegitik eredu positiboak (semaforo berdeak) eskeiniko dizkigun herrialdea. Maiz, gure inguruko ohizko egoera estereotipatuen alternatiba izango diren egoerak eta ereduak izango dira. Adibidez, lehen ipuin honetan: neska altu eta indartsu bat, mutil txiki bat, neska lider bat, lehen mailako maisu bat, eskolako zuzendari emakumea, kamioi gidaria den suhiltzaile emakume bat, suhiltzaileburu
emakume bat, telebista kamaragile emakume bat... hauek denak ikusteko aukera izango dugu. 
Egin klik! Gozatu, ikasi eta hazi!

http://www.emakunde.euskadi.net/contenidos/informacion/nahiko_materialak/eu_unidades/adjuntos/cuento/1-2.1UD.cuento.E.pdf

2014(e)ko urriaren 29(a), asteazkena

BERDINTASUN, BERDINTASUN, BERDINTASUN ......


Ondo etorri nire blogera! 
Bertan izango duzu aukera "Berdintasun" moduko hitz potoloaren aurrean irakurtzeko, eztabaidatzeko, ikasteko, hausnartzeko baita abian jartzeko ere.
Hainbestetan ahoz-aho dabilgun hitza dugu "berdintasuna", hezkuntzan batez ere kontziente garena zenbaterainoko garrantzia duen honek; oinarria dela esatera ere ausartuko nintzateke, baina hori astiro-astiro ikertzen, aztertzen eta irakurketak egiten joango gara. Batzuetan agian irakurketa sakonegiak, bestetan azalekoak...Gai honi argazkia leku desberdinetatik aterako diogu, bakoitzak bere argazki kamararekin (bertan nire planoa nagusituko da, nahiz eta komentatzeko askatasun osoa daukazuen zuek eta zuen ikuspuntua erakusteko aukera), eta agian ondorio batera helduko gara idazten dugun bakoitzean, edo ideia solteak aterako ditugu, edo ez bata ez bestea.

Tarte edo espazio hau erakargarria izan daiten saiatzeko asmo guztiak abian jarrita, goazen ba hastera!